Aste Santuko oporrak baino lehen, ikastolan, ipuin bat egiteko eskatu ziguten. Niri asko gustatzen zait idaztea eta irakurtzea. Horregatik, segituan hasi nintzen ipuina idazten eta orain zuei erakutsi nahi dizuet. Ea gustatzen zaizuen (seguro baietz).
BASERRITIK KANPO
Ekilarritz, herri arrunt bat zen. Ez zen oso handia, baina ezta txikia ere. Ez zuen jende aberatsik, baina ezta pobrerik. Ez zituen kirolari handiak, baina gehienak kirola egiten zuten. Ez zuen etxe politik, baina ezta itsusirik ere. Hala ere, herri honek bazuen gauza bat beste herriek ez zutena. Joxe Antton izeneko gizon bat.
Jose Antton, Ekilarritzeko baserri batean bizi zen bere alabarekin. Emaztea hil egin zitzaion zoritxarrez. Baina bera, hala ere, zoriontsu ibiltzen zen bere baserrian lanean. Izugarri gustatzen zitzaion ardiekin mendira joatea. Baita traktorearekin lurra lantzen ibiltzea. Baserria zen bere lekurik gogokoena. Ez dakit egia izango den baina jendeak esaten zuen bertatik ez zela atera emaztea hil zitzaionetik. Jendeak gauza asko esaten zituen ordea. Emaztearena, gainera, pasa zitzaion dagoeneko, oso alai ibiltzen baitzen.
Denek ezagutzen zuten Jose Antton. Herrira oso gutxitan joaten zen, baina joaten zen gutxi horietan, beti zegoen jenderen bat berarekin hizketa egin nahian. Azkenean, jendez inguraturik amaitzen zuenez, esaten zuen: “Behien inguruan egoten diren euliak baino aspergarriagoak zarete!” eta denek barra egiten zuten. Halakoxea zen Jose Antton, oso alaia.
Ostirala zen egun hartan. Jose Anttonek, uste baino lehenago amaitu zituen bere lanak baserrian eta herrira joatea pentsatu zuen. Berokia hartu, alabari agur esan eta herri aldera abiatu zen. Ostiraletan, giro oso polita egoten zen Ekilarritzen. Izan ere, herriko jubilatuen tabernan mus txapelketa egoten zen ostiralero eta izugarrizko jende mordoa biltzen zen bertan. Gure baserritarrak, gaurko eguna besteak bezain alaia izango zela pentsatu zuen. Baina hara iristean ez zuen inor aurkitu, tabernaria bakarrik. Hura bai arraroa, zer gertatzen zen:
-Aizak Migelito! Zer gertatzen dek hemen. Non demontre zeudek beste guztiak. –galdetu zion Jose Anttonek.
-Ez al dakik ezer? Gaur loteria banatzen ditek. 5 milioi euro. Denak etxean zeudek ea suerterik baduten ikusten.
Berari ere jokatzeko gogoa etorri zitzaion bapatean. Bazekien ez zitzaiola tokatuko, baina bestela aspertu egingo zen. Loteria erosi zuen, etxera joan zen, alabari itzuli zela esan zion eta telebista aurrean jarri zen bera ere. Ondo-ondo begiratu zion bere zenbakiari: 589003. Loteriaren zozketa hasita zegoen berak telebista jarri zuenean. Momentu horretan zenbakia ateratzen ari ziren. Ume bat zen zenbakia ateratzen ari zena. Eskua sartu zuen kaxa antzeko batean eta bola bat atera zuen:
-Quinientos ochenta y nueve mil… y treees –esan zuen umeak.
Jose Antton harriturik zegoen, bere zenbakia tokatu zen:
-Inaxi!!! Loteria tokatu zaigula!!! –dei egin zion Jose Anttonek. Alaba korrikan joan zen bere aitarengana eta biak, beraiek egindako gazta puska batekin ospatu zuten loteria tokatu izanak. Jose Anttonek, bazekien zer egin behar zuen diruarekin. Dena baserriko gauzak erosten eta baserria berritzen gastatu nahi zuen.
Baina, hurrengo egunean herrira joan zenean eta denei loteria tokatu zitzaiola esan zienean, orduan bai komeriak. Denek galdetzen zioten “Eta zertan gastatuko duk dirua?” eta berak zertan gastatuko zuen esaten zuenean “Hori dirua alferrik botatzea dek!” esaten zioten.
Herri guztian zabaldu zen kontu hau. Edozein lekutan, denek berdina galdetzen zioten eta gero bakoitzak zertan gastatuko zuen dirua esaten zioten. Farmaziara joan zen lehenik eta bertan, auto garesti bat erosteko esan zioten. Herriko tabernara joan zenean, txalet bat egiteko esan zioten hala baserria utzi eta han bizitzen jarriko zen. Baina badakizue hori ez zuela egingo inondik ere. Gozotegira ere joan zen eta han opor luze batzuk har zitzan esan zioten.
Opor batzuk. Ez zitzaion ideia txarra iruditu. Azkenaldian ez zen Ekilarritzetik atera eta leku berri batzuk ezagutu beharko zituela pentsatu zuen. Gainera, igaro zituen azken oporrak gogoratu zituen. Zortzi urterekin izan ziren eta nahiko ondo pasatu zuen. Baina orain beste arazo bat zuen. Nora joango zen oporretara? Ez zuen ia herririk ezagutzen. Ezagutzen zituen herri bakarrak Ekilarritz, Abelen, Donostia eta Paris ziren. Alabarengana joan zen galdetzera. Inaxik, mapan begiratzeko esan zion eta bere kabuz aukeratzeko. Berak ez zuen joan nahi, lotsa pasako zuela pentsatzen zuen.
Jose Anttonek, mapa hartu zuen eta begiratzen hasi zen. Han herri ugari agertzen zitzaizkion: Praga, New York, Lima, Madril, Tokyo… Ez zuen bat ere ezagutzen. Halako batean, herrialde arraro bat ikusi zuen, Zinbawe izenekoa. Grazia egin zion izenak eta besterik gabe bertara joatea erabaki zuen.
Bidai batean egin ohi den bezala, ekipajea eraman beharra dago. Jende guztiak, ahal dituen gauza gutxien eramaten saiatzen da. Baina Josek, baserriko traste guztiak eraman zituen. Baserria eraman ahal izanez gero, zenbat apustu eraman egingo zuela. Loteriako diruaren zati handi bat ere eraman zuen.
Hegazkina hartu zuen. Beldur pixka bat bazuen. Ez zuen ulertzen nola hain gauza handiak hegan egin zezakeen. Hegaldi guztia behintzat ondo igaro zen eta azkenean iritsi zen berak nahi zuen tokira, Zinbawera. Iristerako, gaua zen eta ohera joateko gogoa etorri zitzaion. Bere hotelera joan zen. “Buba Gam” izena zuen hotelak. “Izen arraroa” pentsatu zuen bere golkorako. Gelara joan eta lo hartu zuen, hurrengo egunetarako indartsu egon zedin.
Datorren asteko Ostirala zen dagoeneko. Gauza ugari egin zituen egun horietan Afrikan. Bertako indigenak ezagutu zituen. Denak, haizeak eramateko modukoak ziren, argal-argalak Ez zien tutik ere ulertzen suagilieraz hitzegiten bai zuten. Batzuetan esaten zioten:
-Amama ganba janda junda!
Eta berak erantzungo zien:
-Sentitzen diat benetan. Nirea ere aspaldi joan huan. Nahiko zaharra huan, badakik.
Horrelakoetan, indigena guztiek begiratzen zioten harriturik bezala. Hauek ere ez zioten tutik ere ulertzen.
Errekan, egunero bainutxo bat ematen zuen. Ez zitzaion inporta bertan krokodiloak egotea. Bera hala ere, bainatu egiten zen. Bueno, egun batean hartu zuen susto eder bat. Bainatzen ari zela, krokodilo bat hurbildu zitzaion eta eskerrak indigena bat etorri zela eta tiraka atera zuela errekatik. Bestela, hantxe geratuko zen.
Ehizatzera ere joaten zen noizbehinka. Ez zuen ia inoiz ezer harrapatzen. Egun batean bakarrik ehizatu zuen. Gazela bat gainera. Oso urrutitik tiro egin eta eman egin zion. Gero, bazkari ederra izan zuen.
Baina egunak pasatzen ari ziren eta ez zen baserrian bezain zoriontsu.
-Denek esaten ditek diruak zoriona ekartzen duela. Ba ni ez nauk hain zoriontsu momentu honetan.
Izan ere, ez zuen inor ezagutzen, ez zuen tutik ere ulertzen esaten zutenaz, hotela nahiko txarra zen, Zinbaweko paisaia aspergarria zen; beti gauza berdinak ikusten ziren bertan. Eta gainera, ez zegoen baserririk.
De dios! Orduan konturatu zen! Berak, ekipajea egiterakoan, baserriko tresna guztiak ekarri zituen. Momentu horretantxe, ideia bat eduki zuen: Baserriko tresna guztiak hartu, hoteletik ihes egin, txabolatxo bat egin eta bere gauza guztiekin txabola hartan oporrak pasatzea bururatu zitzaion. Noski, baserrian bezala lan eginez.
Pentsatu eta egin. Segituan eraman zuen ekipajea berak egin zuen txabola marroixkara han oporrak pasatzeko asmoz. Nahiko txabola ederra egin zuen. Bi leiho zituen etxearen alde banatan. Atea, horia zen. Berak beti esaten zuen horia zela kolorerik onena:
-Bai. Horia dek kolorerik onena. Bestela, zergatik dek horia eguzkia? Eta lore ederrenek ere kolore horia izaten ditek gehienetan. Ahaztu gabe horrenbeste gustatzen zaigun janariaren kolorea ere horia dela. Gaztarena.
Txabolatik irten bezain laster, traktorea hartzera joan zen. Traktorea ere horia zen. Traktorera igo eta ta-ta-ta-ta lautada pobre guztian zehar ximaurra botatzen hasi zen. Ondoren, aitzurrarekin, zuloak egiten hasi zen lurrean eta gero, tomate haziak, letxuga haziak, patata haziak… landatzen hasi zen.
Horrela igaro zituen egun ugari. Baserrian bezala, lanean jo eta ke. Pixkanaka ari zen ikusten bere lanaren emaitza eta horrek asko pozten zuen. Gainera, indigena ugari berari begira egoten ziren eta horrekin, noski, hazi egiten zen. Egun batean, izugarrizko indigena pila zeuden berari begira. Bera harriturik zegoen. Denak isil-isilik zeuden ezertxo ere esan gabe, hadi-hadi zer egiten zuen begira. Zirudienez, ez zuten inoiz horrelako gauzik egin. Jose Anttoni, gauza bat bururatu zitzaion. Gauza txikia izango dela pentsatuko duzue baino ez.
Lan guztiak amitutakoan, indigena guztiei plazara joateko esan zien. Noski, keinuka eta ahal zuen baliabideak erabiliz, han denbora dexente egon arren ez baitzuen suagilieraz hitz egiten ikasi.
Plazan izugarrizko jende mordoa bildu zen: umeak, gurasoak, aiton-amonak, herriko alkatea… Gure Jose Antton ere bertan zegoen eta leku altu batera igo zen denek ondo ikusteko. Orduan, bolondres bat eskatzen hasi zen. Segituan bat igo egin zen berarengana. Jose Anttonek, aitzurra eman zion eta denbora batean lan egiten egon zen lurretara eraman zuen. Bertan, lurra lantzen erakutsi zion. Gero, indigena saiatu zen eta…… lortu egin zuen! Ondo egiten ikasi zuen!
******
-Kulungele! Kulungele! Kulungele! Kulungele! –abesten zuten indigena guztiek. Oso pozik zeuden, izan ere, asko ikasi zuten egun hauetan. Baserriko lanek dagoeneko ez zuten sekreturik beraientzat. Izugarrizko baratza egin zuten beraien herrian. Patatak, tomateak, letxugak, artoa, erremolatxa… zituzten baratzean. Traktorea ondo erabiltzen ere ikasi zuten. Hauek ere hori kolorekoa zuten traktorea. Jose Anttonek ondo irakatsi zien lan hauetan ibiltzen eta hori oso baliagarria zen beraientzat.
Baina lan hau ez zen baliagarria indigenentzat bakarrik. Jose Antton bera ere askoz zoriontsuagoa zen. Alaitasuna berriz ere berreskuratu zuen. Egun batean, indigenak, lanean ari zirela suagilieraz hitz egiten hasi ziren:
-Eman binbo! Eman binbo!
Eta Josek esan zien:
-Et, et, et, et, et! Bazkal ordua ez dek oraindik iritsi. Izan pazientzia! Gero bazkari ederra izango dezue eta.
Jose Anttonek, bi hilabete gehiago pasatu zituen Zinbawen. Ondoren, Ekilarritzera itzuli zen. Loterian tokatu zitzaion dirua, ez guztia, baina zati handi bat behartsuei eman zien eta ia mundu osoko egunkarietan azaldu zen. Jendeak ere joan nahi izan zuen bere etxera entrebista bat egitera baina alferrikako bidaia egin zuten, Jose Anttonek ez baitzien bere etxean sartzen utzi.
Ikusten da hemen garbi asko, diruak ez duela beti zoriontasuna ematen. Batzuek nahiz eta arraro iruditu lanean ondo pasatzen dute gure baserritarrak bezala. Orduan badakizue zer egin. Diru guztia niri eman, nik sufrituko dut zuen ordez. Lasai egon.
Egilea: Iñigo Jauregi